Proiektuen Azoka Ekinplastik

Proiektuen Azoka ekimena Impact Hub Donostia kooperatibaren eta Donostia San Sebastián 2.016 fundazioaren artean sortu zen, truke eta hazkunde kolektiborako guneak/topaketak sortzeko. Gaur egun, hainbat edizio eta gero, Proiektuen Azoka komunitatearen zerbitzura jartzen da, Gipuzkoan dagoen plastikoen gehiegizko kontsumoari aurre egiteko, Kutxa Fundazioaren eskutik.

Zer da Proiektuen Azoka?

Proiektuen azoka asmatzea, sortzea eta eraldatzea da: truke eta hazkunde kolektiborako plaza bat. Plastikoaren erronkarekin lotuta, eraldaketa sozialerako ditugun ideia eta proiektuak taldean partekatzeko, elkarrengandik ikasteko eta gauzatzeko gune fisiko bat da.

Jardunaldi eta erdiz, irekia, atsegina eta originala den gunea partekatzen da, esperimentazioa, jolasa, janaria, talde lana, ikaskuntza eta tresnak nahasten dituena. Helburua: denon artean lau ardatzen inguruko hainbat ekimen asmatzea:

  • Alternatibak, ingurumenean eragin txikiagoa dutenak eta plastikoaren erabilera ordezkatuko dutenak.
  • Botatako plastikoak beste helburu batzuetarako berrerabiltzea.
  • Plastikoak birziklatzea.
  • Arazoaren inguruan sentsibilizatzea: esparru globaletik tokikora.

Irtenbiderik onenak saria jasoko du: Bizkaiko Golkoan baleak begiztatzeko itsas txango zoragarri bat, Gorka Ocio, naturalista eta zetazeotan adituaren eskutik, eta ideia Impact Hub, Donostiako gizarte berrikuntza laborategiaren laguntzarekin prototipatzeko eta gauzatzeko aukera.

Eta hori guztia, zergatik?

Green Peacen datuen arabera, urtero, 8 milioi tona zabor heltzen dira itsaso eta ozeanoetara. Zifra hori irudikatzeko, pentsatu 800 Eiffel Dorrek izango luketen pisua dela, edo 14.285 Airbus A380 hegazkinena (munduko hegazkin komertzialik handiena da). Segundo bakoitzeko, 200 kilo zabor baino gehiago iristen dira ozeanoetara. Zabor horretatik, ez dakigu zehazki zenbat plastiko dagoen itsasoetan, baina, kalkuluen arabera, 5-50 bilioi plastiko zati daude, itsas hondoan edo hondartzetan dagoena zenbatu gabe. % 80a lurretik dator eta % 70 itsas hondoan geratzen da, % 15 ur zutabean eta gainerako % 15 gainaldean. Ikusten duguna icebergaren tontorra besterik ez da. Zaborrezko 5 uharte daude, gehienbat mikroplastikoz osatuta: bi Ozeano Barean, bi Atlantikoan eta bat Indiakoan. 2020an plastikoak produzitzeko erritmoa % 900ean haziko dela aurreikusten da, 1980ko mailekin alderatuta (urteko 500 milioi tonatik gora). Hazkunde horren erdia azken hamarkadan sortuko da.

Gipuzkoari dagokionez, golkoko uretan dabiltzan eragileak kezkatzen hasiak dira bertan aurkitu den plastiko kopurua dela eta. 2016ko irailetik, bi arrantza ontzik eta hiru garbiketa ontzik Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko kostaldeak miatzen dituzte, itsasoko zaborren bila. Oraingoz, 40 tona atera dituzte, baina, pisuaz harago, datu bat da adituak kezkatu dituena: “Mikroplastikoen metaketa oso handiak aurkitu dituzte kostaldeetan” (Oihane Cabezas, Azti-ko ikerlaria). Birziklatzeari dagokionez, edukiontzi horiko gaikako bilketa % 53 ingurukoa den arren, lurraldeko birziklatze tasa % 48,87an geratzen da, hau da, zaborretara botatzen den plastikoaren erdia ez da birziklatzen, ezin delako (birziklatzea aintzat hartu ez duen diseinu txar batengatik) edo ez delako edukiontzi egokira botatzen. Halaber, gipuzkoarrak gero eta kezkatuago daude gai honekin, baina, hala eta guztiz ere, gehienek ez dute ez informazio zehatzik, ez eta tresnarik edo aktibatu ahal izateko erakunderik, herritarren ekintzatik beretik bultzatutako aldaketa sortzeko aukera emango dienik.

Nori zuzenduta dago?

Hauek denak dira ongi etorriak: gazteak, ekintzaileak, bakarrik edo taldeka, gizarte berrikuntzan dabiltzanak, GKEak, ameslariak, proiektuan martxan dituzten elkarteak, laguntzarik edo talderik ez izateagatik ideiak gordeta dituzten pertsonak, etorkizun jasangarri baten alde lan egiten duten pertsonak, laguntzeko gogoz dabiltzan profesionalak, haurrak, gurasoak, adinekoak, kuxkuxeroak, inkonformistak eta gogotsu direnak. Denok gara irtenbidearen parte.

Inguruan erantzun berritzaile ugari ditugu, plastikoak planetan eragiten duen hondamenari irtenbide bat eman ahal izateko. Hala ere, hainbat arrazoi direla medio eta nahi baino maizago, ez dugu lortzen horiek gas egoeratik ateratzea. Gune honetan, egoera hori guztion artean eraldatuko dugu eta taldean lan egingo dugu, gure proposamenak egonkortzeko, ezagutza eta baliabideak lagun ditugula, egia bihur daitezen.

Bidelagunak

Proiektuen Azoka ekimenarekin bat egingo duten pertsona guztiei esker da posible; zuri esker. Baita ere Kutxa Fundazioak eta Ekoguneak arlo ekonomikoan eta kudeaketan ematen duten laguntzari esker, eta Impact Hub Donostiako taldeak eta komunitateak egiten duten lanari esker. Guztiok bat plastikoaren erronkaren inguruan!

Asmatu, sortu eta eraldatu, hemen 

Proiektuen Azoka Ekinplastik-ari buruzko informazioa:

  • Ostirala, ekainaren 14a, 18:00etatik 20:00etara arte.
  • Larunbata, ekainaren 15a, 10:00etatik 17:00etara arte.
  • Tabakalerako hirugarren solairuan, Impact Hub gunean, Donostian.
  • Izena ematea (leku kopurua mugatuta dago) alboko barran.