Inspira zaitez

Mundu osoan zehar, milaka pertsona ari dira ekimenak, proiektuak eta enpresa sorkuntzak abiarazten; erabiltzen dugun plastikoa murriztea helburu duten ekimenak dira, erabilitakoari beste erabilera bat ematea, eta itsasoetan eta gainerako ekosistema naturaletan botatakoak jasotzea helburu dutenak. Horiek guztiak ditugu inspirazio iturri Gipuzkoan dugun erronkarako. Ikus ditzagun ekimen horietako batzuk; beste batzuk jardunaldirako gordeko ditugu. Baina, hori bai, horiekin guztiekin inspiratu egin nahi zaitugu Proiektuen Azokan elkar ikusteko eta zurea egia bihurtzeko!

 


Birziklatzen diharduten enpresak, normalean, eskuratzen duten birziklatutako materiala beste enpresa batzuei saltzera mugatzen dira. Eko-REC, aldiz, Europako enpresa industrial bakarra da, plastikoa birziklatzeaz gain (egunean 6 miloi botila inguru), birziklatutako material horrekin produktu propioak egiten dituena; produktu horiek hainbat sektoretan baliatzen dira, besteak beste, automobilgintzan, elikaduran (ontziak) edo ehungintzan. 2017an, Gipuzkoako enpresa honek (lantegia Andoainen du) produktua berritzeko prozesu batean murgiltzea erabaki zuen, Ekomodo sortuz. Haren bitartez, plastikozko botiletatik abiatuta, modako artikuluak eta apaingarriak garatzen dituzte, eta prestatzeko prozesua ahalik eta jasangarriena da maila guztietan.



Espainian, egunero, plastikozko 13 milioi lastotxo kontsumitzen dira. Produktu horrek, erabilera bakarra eta bizi ziklo oso laburra ditu, baina Sorbosek aukera gisa ikusi zuen. Enpresa honen bitartez, lastotxo biodegradagarriak eta jangarriak egitea lortu dute; bikainak dira berrikuntza eta ingurumenarekiko errespetuaren zaporea izan nahi duten edari guztiekin erabiltzeko.  Kendu plastikoa zure freskagarritik Sorbos probatuz.



Ideiarik onenak sinpleenak dira. Kasu honetan, Sprouteko ekintzaileek barruan haziak zituen arkatz bat garatu zuten. Bukatzen denean, lurrean sartu eta landare bat ateratzen da. Ideia horrek, izan ere, mundu osoan plastikoz egindako milaka boligrafo ateratzen ditu zirkulaziotik. Gaur egun produktu berriak garatzen ari dira, hala nola, te poltsak, koilara gisa erabil daitezkeenak, eta plastikozko koilaren beharra ezabatzen dutenak.


Surfrider Foundation Europe ozeanoa, olatuak eta kostaldea babesten dituen eta horien balioa azpimarratzen diharduen nazioarteko erakunde bat da, 25 urtetik gorako ibilbidea duena. 1990ean, Miarritzen, Europako esparruko erakundea sortu zen eta, gaur egun, 14 herrialdetan ezarrita dago, chapter deritzen boluntarioak eta lurraldeko bulegoak bertan egoteari esker. Erakundeak 5 gairen esparruan lan egiten du: itsasoko zaborrak, itsasoko garraioa, klima aldaketa, uraren kalitatea, eta kostaldearen eta olatuen babesa, eta arreta oso berezia jartzen du itsasora heltzen den plastikoaren eragin negatiboan.


Sinplástico 2014an sortutako kooperatiba txiki bat da, ekintzailetza arduratsuaren esparruan sartzen dena, eta plastikoaren erabilera indiskriminatua murrizteko eta arazo horren inguruan kontzientziatzeko helburua duena. Horretarako, webgune bat sortu dute eta, bertan, 500 produktutik gora dituzte, normalean plastikoz eginak egoten direnak, baina plastikorik gabe egindakoak, kasu honetan. Sinplástico bi kide langilek osatzen dute, Marion eta Javierrek, eta Bilbon dituzte haien bulegoak.